Silvestre Umerez
Silvestre Umerez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oñati, 1843 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Montevideo, 1922 (78/79 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | paleontologoa eta irakaslea |
Silvestre Umerez Zatarain (Oñati, Gipuzkoa, 1843ko martxoaren 14a - Montevideo, Uruguai, 1922ko azaroa[1]) euskal paleontologo eta pedagogoa izan zen. Bere lehen urteak Euskal Herrian egin zituen, eta gero Ameriketara joan zen; Uruguain lan pedagogiko garrantzitsua burutu zuen, garai hartan herrialdearen hezkuntzak izandako bultzakada handiaren arduradunetako bat izan zelarik.[2]
Euskal Herriko aldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fisika eta Matematika ikasketak egin zituen Madrilen eta Valladoliden, eta Bigarren Hezkuntzako irakasle bezala lanean hasi zen. 1869an Oñatiko Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen, bertan Matematika katedraduna eta liburuzaina bihurtuz.[3]
1871ean, Aitzkirriko kobazuloan (Oñati) aurkitutako aztarna paleontologikoen lehen determinazioak egin zituen, eta berak ere kobazuloa industu zuen.[4][5][6][3]
1873an, II. Guda Karlistaren eraginez Unibertsitatea itxi zen, eta Umerezek, beste askok bezala, atzerrirako bidea hartuko zuen.[7]
Uruguaiko ibilbidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uruguaiera 1874ko maiatzean ailegatu zen. Hainbat aktibitateri ekin bazion ere (tartean zohikatz-meatzaritza), bere jarduera nagusia hezkuntzan izan zen.[1]
1875ean, Duraznon "Colegio Hispano Oriental" sortu zuen. 1876ean, Mariano Soler apaizaren aginduetara, "Liceo de Estudios Universitarios" ospetsua sortu zuen. 1877an Montevideoko "San Vicente de Paul" eskolaren zuzendari izendatu zuten; eta lanpostu hau Lizeoan emaniko kimika eskolekin txandakatu zuen.[8] 1879ean Maldonadora bizitzera joan zen, Silvestrek "Escuela Ramírez" ikastetxearen zuzendaritza postua atera baitzuen bertan; emazteak Nesken Bigarren Hezkuntza Eskolaren zuzendaritza hartu zuelarik. Umerezek, besteak beste, ikasleen artean nekazaritza eta lorezaintza ezaguerak bultzatu zituen (Escuela Ramirezen, berak landatutako masustondo zuriak oraindik zutik diraute).[7] 1889an Montevideoko "Liceo Católico"aren zuzendaritza hartu zuen, fisika, kimika eta matematika irakastearekin batera. 1906ean Escuela Ramirezera itzuli zen, eta han jarraitu zuen 1915ean erretiroa hartu arte.[8]
Pedagogo berritzailea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Umerezek lan pedagogiko garrantzitsua egin zuen Uruguaien, ikasleen burujabetasuna sustatuz, eta lehengo irakasmolde pasiboak gainditu behar zirela aldarrikatzen zuen korrontea jarraituz;[2] 1877tik aurrera Uruguaien bultzatutako hezkuntza erreforma sakonean parte hartze handia izan zuen.[1] Filosofia horrekin bat, 1879an "El Porvenir del Estudiante" astekaria bultzatu zuen, bere garaian erreferentziazko ekimena (13 urteko gazteek egina) eta etorkizuneko hainbat pertsona garrantzitsuren eskola.[7]
Bizitza pertsonala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1876ko irailaren 24ean Mercedes Sanchez irakaslearekin ezkondu zen Duraznon.[8] Fede katolikoaren jarraitzailea,[9] bere burua euskaldun bezala aurkeztu ohi zuen,[7] eta Montevideoko El Cerro parrokian Arantzazuko Amaren gurtzea bultzatu zuen.[1] Hil zenean, haren arimaren aldeko meza bere ikasle izandako Antonio Castro josulagunak eman zuen.[9]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d «::: Euskonews & Media ::: Kosmopolita ::: Educadores vascos en la formación de escolares uruguayos» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
- ↑ a b Se cumplen hoy 108 años del nacimiento de un eminente maestro católico. El Bien Público, 1951eko martxoaren 14a.
- ↑ a b UMEREZ, Silvestre. 1921. Los fósiles de la gruta de Aitzquirri. Situada entre las breñas de Aránzazu de la provincia de Guipúzcoa en España. Memorándum por el profesor Silvestre Umérez. Autoedizioa. Montevideo. 24 pp.
- ↑ (Spain), Euskal Espeleoloji Elkartea. (1980). Espeleología en el País Vasco.. Euskal Espeleoloji Elkartea ISBN 84-7025-147-3. PMC 16353124. (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
- ↑ Xabier, Astibia, Humberto Murelaga, Xabier Pereda Suberbiola,. (1996). Máximo Ruiz de Gaona como prehistoriador y paleontólogo de vertebrados. Gobierno de Navarra: Institución Príncipe de Viana PMC 770901741. (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
- ↑ Umerez S. La gruta de Aitzquirri. Diario “El Euscara”, San Sebastián, 30 de Enero de 1872
- ↑ a b c d «EL PORVENIR DEL ESTUDIANTE, fiel testigo de Maldonado a fines del S XIX - Banco de Historias Locales - BHL» bhl.org.uy (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
- ↑ a b c «Escuela Ramírez de Maldonado - Banco de Historias Locales - BHL» bhl.org.uy (Noiz kontsultatua: 2021-03-22).
- ↑ a b El Bien Público egunkarian (Montevideo) ohar nekrologikoa.